Aurkezpena
/eu/pages/4254
Beste herri batzuek bezalaxe, euskal herriak ikaragarri pairatu behar izan du sufrimendua eta bidegabekeria azkenaldi honetan, indarkeriaren eraginez. Izan ere, liskarra behar baino gehiagotan izan dugu gure desadostasunak konpontzeko bide bakarra, prozedura hori behin eta berriz ustel gertatu arren. Tamalez, belaunaldiz belaunaldi, aurkaria, "bestea", desberdintzat dugun hori fisikoki eta moralki ezabatzearekin tematuta bizi izan gara denbora askoan. Izugarrizko zigor bat, gizakion legeetatik urrutikoa, gure lurraren gainera erori zela zirudien, baina esan beharra dago euskal herritarrok, egoera horri aurre eginez, emankortasunaren bidea ere aurkitzen asmatu dugula. Beraz, indarkeriarekin eta guztion hondoratze moralarekin batera, euskal herritarrok, materialean behintzat, aurrera egiteko eta gizarte-ongizatea bermatzeko gaitasuna badugula erakutsi dugu.
2012an berriz ere, indarkeria-esperientzia lazgarri horietako bat oroitzeko aukera izango dugu, hain zuzen ere guztietan tragikoena, gerra zibilak berekin ekarri zuena. Hirurogeita hamabost urte beteko dira Euskadiko hainbat herri (hala nola Otxandio, Durango, Eibar eta Bilbo) bonbardatu zituztenetik, baita Gernikako bonbardaketa gertatu zenetik ere, eta azken hori gainera kultura unibertsalaren parte bihurtu da jada, gerra batean biztanleria zibilak inoiz jasandako sarraskiaren goreneko salaketa gisa.
Aldi berean, garai itxaropentsuak bizitzen ari garela esan dezakegu, itxaropen horiek sendoak direla eta ongi oinarrituta daudela dirudi, eta, ildo horretatik, mende-erdi amaigabean bidelagun izan dugun indarkeria terroristaren amaieraren atarian egon gaitezke. Helburu politikoak dituen indarkeriari, hau da, terrorismoari, behingoz amaiera emateko bidea erakusten duten herritarren seinaleak eta borondateak ugariak dira.
Oroitzapenak suspertzeko eta seinale eta borondate horiek bestelako etorkizuna ekarriko diguten itxaropenean laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak jardun estrategiko bat prestatu du, 2012. urtea 'Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea' izan dadila aldarrikatzeko.
Jardun estrategiko horretan hainbat deialdi, ekitaldi, topaketa eta ospakizun egingo dira Euskadiko herritarrekin eta gurekin bat eginik aipatutako helburu estimagarriaren alde beren ekarpena egin nahi duen mundu osoko jendearekin.
Asko izango dira abian jarriko ditugun ekintzak, hala nola hausnarketa, elkarren arteko gogoeta, ideiak elkartrukatzea, ideia horiek biltzea, elkartzea, ozenki oihu egitea, entzutea eta abar. Horretarako, gure eskura ditugun ahalegin guztiak egin behar ditugu gehienok nahi dugun gizartea errealitate bihur dadila lortzeko: herri baketsua, anitza eta askea izango da, desberdintasunak errespetatuko dituena, bizikidetza indartuko duena eta aurkako iritziak elkarrizketa, enpatia eta arrazoimenaren bitartez konponduko dituena. Ahalegin zintzoa da benetan, borondate unibertsala, berehala nahi dugun egoera.
PROGRAMAZIOAREN ZEINUAK ETA BALIOAK
[1] Etorkizunerako proiekzioa, aldaketa ikusaraztea eta gizartearen garai berrietarako prestatzea.
Proposamen bakoitzaren garaikidetasuna bilatzea, hau da, proposamen bakoitzaren 'XXI.aren marka' eta 'post-' ukitua
[2] Herritarra orientatzea
a. Eskuragarritasuna. Proposamenak ahalik eta irekienak izatea, (zenbait proposamenek izan dezaketen zorroztasun eta espezializazioa kontuan hartuta), potentzialki zabalenak izan daitezkeen publikoak bertaratzea ahalbidetuko duten formatu, informazio-bide eta prezioak bilatuz.
b. Itzulera eta elkarreragina.
[3] Asertziozko elkarrizketa desarmatuari adore ematea. Erresilientzia
Pentsatzekoa da aurtengo manifestuan ez dela faltako 'bizikidetza' hitza. Gertakizuna deskribatzeko eta garai berri bati aurre egiteko gaitasuna eta aukera izateko, egoskorkeriari eta ondorioen beldurrik gabe ideia desberdinak aurrez aurre jartzeko beldurrari uko egin beharko zaie; horrek izan beharko luke hasieratik argi adierazitako nortasun-zeinua.
[4] Arrastoak uztea.
Programa edozein izanik ere, hoberena izango litzateke edozein programa amaitu ondoren, jarraitutasun-arrasto bat geratzea, itun ireki bat, sare berri bat, bilakaera izan dezakeen talde bat, martxan dagoen obra txiki bat... Sare bat eraikitzea
[5] Fribolitaterik eta handikeriarik gabeko aisia
Aisiarako proposamenak beharrezkoak izango dira baina ez da ahaztu behar zailtasunezko garaietan gaudela eta, beraz, diru publikoa ondo erabiltzeko sentsibilitatea izan beharko dela, logikoa denez.
[6] Tokian tokikoa eta globala
Nazioarteko eremuak bide honetan lagun izan behar du tokiko eremuarekin elkarreragiteko, horrela, kultura anitz eta integratzailearen gurpil nekaezina mugimenduan mantentzeko.
[7] Gazteek protagonismoa izatea
Gure ustez, 80ko hamarkadatik aurrera jaiotako belaunaldiek, hau da, diktaduraren, trantsizio zailaren eta haren ondoriozko itsukeriaren errealitate politiko agonistikoa bizi izan ez dutenek aldaketaren sustatzaile nagusiak izan daitezke eta izan behar dute eta, beraz, urte honen protagonista nagusiak ere bai.