/eu/news/4309

'LEMÓNIZ' argitalpen proiektuaren aurkezpena
2012(e)ko Urriak 30• Raúl López Romo Historian doktoreak idatzitako “Euskadi dolutan. Lemoizko zentral nuklearra. Euskal trantsizioaren ikurra” saiakerak eta Mikel Alonso argazkilariaren “Lemóniz” argazki liburuak osatzen dute proiektua. Bi autoreak ekitaldian izan dira.
Fundación 2012 Fundazioak, ‘Bake eta Askatasunaren Aldeko Kulturen Urtea’ garatzea kudeatzeko Eusko Jaurlaritzak eratutako fundazioak, “Lemóniz” argitalpen proiektua aurkeztu du gaur, prentsaurrekoan; proiektua Raúl López Romo Historian doktoreak idatzitako “Euskadi dolutan. Lemoizko zentral nuklearra. Euskal trantsizioaren ikurra” saiakerak eta Mikel Alonso argazkilariaren “Lemóniz” argazki liburuak osatzen dute. Horrenbestez, bi osagai dituen argitalpen proiektua da: zientzia eta artea batetik, eta arrazoia eta emozioa, bestetik.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Mikel Toralek aurkeztu du egitasmoa, eta bertan lagun izan ditu Rafael Ruzafa, Valentin de Foronda Institutuko idazkaria, Raúl López Romo, Historian doktorea eta “Euskadi dolutan. Lemoizko zentral nuklearra. Euskal trantsizioaren ikurra” saiakeraren autorea, eta Mikel Alonso argazkilaria, “Lemóniz” argazki liburuaren egilea.
Egunotan 30 urte bete dira EAEn Trantsiziotik demokraziarantz egindako bidean bereizgarri bihurtu zen fenomeno bat bukatu zela: Lemoizko zentral nuklearraren aurkako jarrera orokorra, hain justu; bada, 2012 Fundazioak, UPV/EHUko Valentín de Foronda Gizarte Historiako Institutuarekin elkarlanean, urtemuga gogoratu nahi du Mikel Alonsoren argazkilaritza lanaren bidez eta Raúl Lópezek saiakera lanean erabilitako metodologia historikoari esker.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Mikel Toralek adierazi duenez, “demokrazia jaioberriak tartean askatasun gutxi eskaintzen zituen arren, herritarrek aurkako borroka garrantzitsua egin zuten, Lemoizen kontrako mugimenduari urteetan eutsiz; mugimendua erabat errotuta zegoen garaiko gizarte aniztasunean eta energia nuklearraren hasierako beldurretik gure garaiko kontzientzia ekologistaren jatorri izatera heldu arteko bilakaera izan zuen. Herritarren energia une gorenean zegoenean, bat-batean ETA agertu zen, eta bere jarduera mesianiko eta usurpatzailearekin, zentraleko bost langile hil zituen eta Lemoizen aurkako mugimenduan eta bere jarraipen ekologistan inoiz itxiko ez zen haustura eragin zuen. Honekin guztiarekin, 1982. urtea iritsi zen; orduan, urriko hauteskundeetan PSOE izan zen garaile, eta ez zien obrei berriz ekin; hala, behin betiko bertan behera geratu ziren luzapen nuklearrari buruzko 1984ko dekretuaren ostean. Protagonismo biziko zortzi urte izan ziren, bai politikaren eremuan, bai komunikabideetan; garai haren ondoren, aldiz, isiltasuna gailendu da hogeita hamar urtez”.
Rafael Ruzafaren hitzetan, “iraganeko egoeretara gerturatzeko, bereziki egoera polemikoak izan badira, zorroztasuna, metodoa eta zintzotasuna beharrezkoak dira. Interesen arabera erabiltzea oso tentagarria da, batzuetan baita zakarra ere. Erakunde akademiko hau ikerkuntza historikoaren alorrean jarduten da bereziki, eta dagokion irismenaren barruan, betiere, gaur aurkeztu ditugun obren tankerako lanak bultzatzen ditu. Gaur egungo euskal gizarteak atzoko prozesuak ulertu behar ditu, Lemoizko zentralaren borrokan nork hartu zuen parte, zein baliabide erabili ziren eta zein izan ziren xedeak”.
Raúl López Romorentzat, “Lemoiz ingurumen arloko gatazka edo gatazka ekologiko bat baino askoz gehiago izan zen; gai horiek berez garrantzitsuak diren arren, bigarren mailan gelditu ziren. Oro har, Euskadi ulertzeko modu desberdinen arteko duelu politiko bat izan zen, baita gai publikoetan parte hartzeko modu desberdinen arteko borroka ere, indarraren edo hitzaren bidez parte hartzeko moduen artekoa, hain zuzen ere. Dueluak huts egin zuen zenbait arlotan, eta beste askotan, ostera, asmatu egin zuen, baina orotara, aurrerapenekin zein atzerapenekin, euskal demokratizazio zailaren metafora gisa erabil daiteke".
Bestalde, Mikel Alonsok azaldu duenez, “naturak, kresalak, haizeak… urteak daramatzate lanean eta gizakiak bertan, hormigoizko milaka tonekin egindako agertoki horretan, gizakiek utzi eta oraindik ezkutuan dauden arrasto horiek estaltzen saiatzen. Nekez aurkituko dugu obra epiko bat antzezteko hain eszenografia bortitza. Kamera eta tripodea hartuta egin nituen ibilaldietan, tragedia greziar bat bizi izan zuen antzoki bati argazkiak ateratzen ari nintzela sentitu nuen, milaka aktorek parte hartu genuen tragedia bat.”
Berri honen iruzkinen RSSa
Iruzkina idatzi
Konektatu behar zara iruzkinak egin ahal izateko.
Oraindik ez bazara erregistratu...
Jadanik erregistratu<br/> bazara...